Jesus hil ondoren, bere lagunak Jerusalemdik joan ziren. Haietako bi, oso triste, Emaus zeritzan herri baterantz zihoazen. Berriketan eta gertatutako guztiaz hizketan ari ziren. Orduan gizon bat agertu zen eta beraiekin elkartu zen, eta hizketan hasi ziren. Jesus zen iritsi zena, baina haiek ez ziren konturatzen.
“Zertaz ari zarete?” Galdetu zien.
Haiek esan zioten Jesus bere laguna hil egin zutela agintariek eta atsekabetuta zeudela. Baina berak esan zien ez zitezela hain itsuak izan. “Ez al duzue ikusten antzinako profeziek esaten zutela Jainkoaren Semeak asko sufrituko zuela, baina ez zela garaituko?” Eta horrela jarraitu zuten, oinez eta berriketan.
Herrira iristean, Jesusen lagunek beraiekin afaltzera joateko gonbita egin zioten erromesari. Onartu egin zuen. Eta afaltzen hasiak zirenean, ogi puska bat hartu eta azken afariko hitz berberekin partitu zuen. Orduan azkenean konturatu ziren Jesus zela. Baina besarkatu nahi izan zutenean, desagertua zen. Bihotza alaitasunez beterik zeukaten, eta bide osoa Jerusalemera itzuli zuten, korrika, besteei ikusi zutela eta bizirik zegoela esateko


